Egun gogoangarria izango da gaur egun baten Ene Bada taldeko partaideak izan zirenentzat. Gaur egun proiektu berria daukate, Haize Arrosa eta Eneritz Gorritxategi, Edurtze Ania, David Cantero, Peio Agirre eta Markosek osatzen dute taldea.
Gaurtik aurrera plataforma guztietan izango duzue entzungai “Ez dugu zor ezer”, kaleratu duten lehen lan luzea eta 54. Durangoko Liburu eta Diska Azokan izango dugu diska fisikoa eskuratzeko aukera, Baga Biga disketxearen standean.
Haize-arrosaren “Ez dogu zor ezer” diskoa Aitor Ariñok grabatu du 2023ko irailean Berrizko Lorentzo Records estudioan. Hitzen egiletza zerrenda luzea da: Miren Amuriza (Senda-kanta), Onintza Enbeita (Tortolaraino, Ez dogu zor ezer), Eneko Abasolo “Abarkas” (Ihes), Miren Agur Meabe (Haize-arrosaren mezua, Gezurretan ala) eta Unai Iturriaga (Erdu nire ondora). Gainerako kantuen hitzak Eneritz Gorritxategirenak dira. Zuzenekoetarako testuen moldaketak Erika Lagomak egin ditu. Musikari laguntzaileak: Onintza Azkarate (biolina, Norbera), Francis Diez (ahotsa, Ez dogu zor ezer), Igor Arzuaga (pianoa, Norbera) eta Iker Lopez de Bergara (whistle, Senda-kanta). Diseinuak Aritz Garcia egin ditu, argazkiak Idoia Otaduirenak dira eta logoa Xabi Gorostiagarena da.
Abestiz Abesti
Haize-arrosaren mezua
Poema musikatua; bizitzan haize-arrosari jarraiki burutzen dugun bidea irudikatzen du.
Gezurretan ala
Folk-rock estiloan oinarritutako abesti alaia non gezurra eta egiaren arteko ertza atzemateko zailtasunak ageri diren.
Ez
Edozein hizkuntzatan “Ez” beti ez dela adierazteko afrobeat erritmoa oinarritzat duen abestia.
Baltzarana
Trikitia eta flamenkoaren arteko fusioa, Baltzarana erdigunean jarri eta goraipatzen du.
Tortolaraino
Electro-triki-pop abestia, feminismoaren aldarrikapen gordina.
Ihes
Pop-rock da abestia, eta tempus fugit-a da gai nagusia.
Senda-kanta
Irish-folk. Aitona-amonengandik jasotzen dugun jakituria
guzti horri gorazarre egiten zaio kantuan.
Norbera
Balada. Norbera da dena, dena da norbera; bakoitzaren izaera zaindu eta errespetatu.
Erdu nire ondora
Pop-rock. Gau hotz eta ilun bateko maitasun istorioa du ardatz.
Ez dogu zor ezer
Elektro-triki-pop erritmoa du eta gizarteak berak edertasunaren inguruan sortu dituen kanonak kritikatzea du helburua, gorputz normatiboetatik haratago doana ikusaraztea eta defendatzea